Merkatari, banatzaile, publizitate eta marketing alorreko profesionalei zuzenduta dago jardunaldia.
Merkataritza jarduera desleialei buruzko zuzentaraua 2007ko abenduaz geroztik dago indarrean Europako Batasunean. Merkatari, banatzaile, publizitate eta marketing alorreko profesionalei horren inguruko informazioa ematea da, hain zuzen ere, jardunaldiaren helburua. Gipuzkoako Bazkundeak eta Eusko Jaurlaritzak irailaren 15erako antolatu dute hitzaldia.
Zuzentarauak merkataritza jarduera desleialak zeintzuk diren zehazten du, eta enpresa eta kontsumitzaileen arteko merkataritza akordio guztiei aplikatzen zaie. Gainera, enpresa zein kontsumitzaileengan du eragina.
Dendei, taberna edo jatetxeei, higiezinen saltzaileei, manufaktura-industriei eta eraikuntzan diharduten enpresei zuzendutako ekimena da.
Erretiroa hartzera doazen merkatari askok ezin izaten dute denda saldu eta ixtea izaten dute irtenbide bakarra. Ondorioz, bertako langileak langabezian geratzen dira. Horri aurre egiteko zerbitzu berri bat jarri du abian Donostiako Udaleko Sustapen Sailak.
Neurriari esker, martxan dauden negozioen balorazioa egingo du Udalak, zenbateko errentagarritasuna duen aztertuz. Ondoren, negozio baten jabe egiteko prest dauden hautagaietatik ondoen egokitzen den pertsona aukeratuko du. Sustapen Saila bera izango da bi aldeak harremanetan jarriko dituena. Gainera, negozioa eskuratu ondoren aholkularitza eskainiko dio jabe berriari.
Ekimena Altza auzoan jarri zuten martxan, eta orain hiri osora zabaldu dute. Bost urte barru hiriko 1.500 dendek zerbitzu horren beharra izango dutela aurreikusten du Sustapen Sailak.
Eusko Jaurlaritzak Merkatal jarduerari buruzko legea moldatu du.
Eusko Jaurlaritzak ekainaren 25ean onartutako legea indarrean dago uztailaren 7az geroztik. Merkatal jarduerari buruzko legeak jasandako aldaketen ondorioz, 150 eta 400 metro koadro arteko dendek ezingo dute astean 72 ordu baino gehiagoz zabaldu, ezta urtean zortzi igande baino gehiagotan ere.
Neurri horren bidez, bidegabeko lehia geldiarazi, eta lan arloa eta familia bateragarriagoak bihurtu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, okindegiek, gozo dendek, prentsa saltokiek, gasolindegiek, loradendek, tren nahiz autobus geltokietako dendek eta mugetako dendek ez dute neurri hori bete beharko. Guztira, mila komertzio ingururi eragingo dio erabakiak EAEn, eta horietako 350en jabeek jatorri asiarra dute.
Aurreko igandean Donostiako bazar txinatarrak zabalik zeuden eta jabeetako batzuk ez zuten legearen aldaketaren berri. Hala ere, legea uztailaren 7az geroztik indarrean dagoenez, beste zazpi igandetan bakarrik zabaldu ahal izango dute. Neurri hori betetzen ez badute 25.000 eta 900.000 euro arteko isunak jasoko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak informazio foiletoak eta araudiaren nondik norakoak mandarin hizkuntzara ere itzuliko ditu, Euskadiko Txinatarren Elkarteak eskatu bezala.
Uztailaren 1a zen hasiera data ofiziala baina beherapenak aurreratu egin dira aurten.
Urte berezia da aurtengoa eta beherapenak hasi orduko %30 edo %50eko deskontuak aurki daitezke. Eta neurri guztietako arropa eta zapatak daude. Orain arte egindako eguraldi txarra da horretarako arrazoietako bat. Lourdes Lázaro DonostiSShopeko gerenteak esandakoaren arabera, Donostiako hainbat merkatarik ez dute ezer saldu ekainean. Krisi ekonomikoak ere badu zerikusirik horretan.
Ondorioz, badira bi aste dendak deskontuak egiten hasi zirela. Beherapen ofizialak, ordea, asteartean hasi ziren eta ez zen eroslerik falta izan Donostiako dendetan. Kate handienen ateetan zein arropa probatzeko geletan jende ilarak izan ziren.
Aquariumaren mendeurrena dela eta, merkatariek "Erakusleiho bat itsasora" lehiaketa antolatu dute. Herritarrek Internet bidez erakusleihoen argazkiak ikusi eta botoa emateko aukera dute.
Donostiako Aquariumak urteetan turismoa erakartzeko izan duen gaitasuna eskertzeko, SShops Donostia merkatari elkartea osatzen duten DendaSS, Centro-Erdi, Zaharrean eta Auzoa elkarteek Erakusleiho bat itsasora izeneko ekimena antolatu dute Gipuzkoako Merkatarien Elkartearekin batera. Parte hartzaileek beren erakusleihoak Aquariuma gogora ekartzen dien moduan hornitu dituzte. Horien artean hiru sari banatuko dira: berrikuntzarena, sorkuntzarena eta herrikoia. Azken hori herritarrek erabakiko dute, Aquariumaren web gunean emandako botoen bidez. Horretarako www.aquariumsansebastian.com/escaparates web gunean sartu, erakusleihoen argazkiak ikusi eta botoa eman besterik ez da egin behar. Bozketan parte hartzeko aukera uztailaren 15ean amaituko da.